XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Kapitulua
EUSKARAREN BERRESKURATZE-PROZESUA IRAKASKUNTZAN.

Euskara berreskuratzeko ahalegin handienak, dudarik gabe, irakaskuntzan egin dira.

Esperientziak erakutsi digunez, eskolan irakasten ez den hizkuntza bat hiltzera behartua dago.

Hiltzori honetan kontzientziatu da, hain zuzen, gure herria gertaera honetaz, egoera sozio-politiko ezin zailagoan suertatu izan arren.

Gure bihurritasun bizia gorespen sentikor hutsal batekin konfunditzen dutenek, guztioi (epailari eta epaitu) sakrifizio asko kosta dakigukeen akatsa egiten dute.

Jadanik mendeterdi dirauen joku dorpe eta maltzurra da.

Ezker eta eskuin espainolean militatzen duten gure epailari-arbitroek, beren hizkuntzaren monopolioak suposatzen duen bortxa kolonialetik begiratuz jarraitu nahi dute gure hizkuntzaren kontura.

Indarrez dorpeki menperatzeagatik zenbat galdu duten ikusiz, gainera.

Dirudienez, historiak ez du ezer erakusten.

Jarrera honek gure herrian sorrarazi duen bihurritasunaren fruituak era askotakoak dira.

Horrelako zenbait, beraiei komeni zaielako edo, lau haizetara zabaltzen dute; beste batzuk, aldiz, justizia egin nahiean behin eta berriz era pazifikoan eskatuarren, nahiago dute ukatu: hauetako bat Ikastolen mugimendu herritarra dugu.

Euskararen irakaskuntza gogorki zigortu ohi zen aldian jaio zen Ikastola.